berrikuntzaren-sariak

Grupo Café Fortalezak, Angulas Aguinaga SAk eta Grupo ARAEX Grandsek Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Sariak irabazi dituzte Sariak banatzeko ekitaldira 300 lagunetik gora bildu zen, Bilboko Euskalduna Jauregian

Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Sariak

17-12-1. Grupo Café Fortaleza, Angulas Aguinaga SA eta Grupo ARAEX Grands enpresek Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren I. Sariak lortu dituzte, berrikuntzaren alde egiten duten apustuarekin Euskal Herriko elikagaien sektorea garatzen laguntzen dutela eta. Euskadiko Elikadura Klusterraren eta AZTI teknologia-zentroaren ekimenez sortu da sariketa hau, eta lehen edizio honetako sariak joan den ostegunean banatu zituzten, Bilboko Euskalduna Jauregian. Euskadiko elikagaien sektoreko balio-kate osoko 300 ordezkaritik gora bertaratu ziren ekitaldira.

Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Sariak hiru kategoriatan banatuta daude:Teknologiaren Berrikuntza, Enpresaren Berrikuntza eta Merkatuetako Berrikuntza. Lehen atalean, Grupo Café Fortaleza saritu zuten, merkatu-aukera bat interpretatzen jakiteagatik eta irtenbide arrakastatsu bat lortu eta merkaturatzeagatik. Enpresaren Berrikuntzaren kategorian, bestalde, Angulas Aguinaga SA izan zen sariduna, bere negozio-prozesu edo -ereduetan aldaketak txertatu dituelako eta, horrela, lehia-abantaila bat sortu duelako lan egiteko bere modu bereziari esker. Azkenik, Merkatuetako Berrikuntzaren saria ARAEX Grandsek eraman zuen, Arabako Errioxako upategi independenteen liderrak, bere negozioa handitzeko merkatu edo bideak identifikatzen egiten duen lanarengatik eta nazioartean zabaltzeko estrategien alde egiteagatik.

Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak eta Manu Giner Euskadiko Elikadura Klusterreko presidente eta sarien epaimahaiko buruak inauguratu zuten sariak banatzeko ekitaldia. Biek ala biek nabarmendu zuten Euskadiko elikagai-enpresek berrikuntzari heldu behar diotela, lehia handitzeko balio gehigarria emango duten bestelako negozio-ereduak sortzeko.

Aurkezpenaren ondoren, sariak banatu zituzten. Manu Salaberriak, Innobasqueko presidenteak, Teknologiaren Berrikuntzaren Saria eman zion José Alberto Padróri, Grupo Café Fortalezako kontseilari delegatuari. Padrók azpimarratu zuen berrikuntza bereizgarri garrantzitsua dela, “imita daitekeen guztiak balioa galtzen duelako azkenerako.

Jarraian, Peli Manterolak, Eusko Jaurlaritzako Elikagai Kalitatearen eta Industrien arloko zuzendariak, Enpresen Berrikuntzaren Saria eman zion Ignacio Muñozi, Angulas Aguinagako CEOari. Muñozen hitzetan, berrikuntzak ez du laborategian hasi behar; aitzitik, kontsumitzaileek zer eskatzen duten jakin behar da, eta enpresaren printzipioa bete: “kontsumitzaileen zerbitzura dauden elikagaiak errotik aldatu”.

Azkenik, Javier Ruiz de Galarretak, ARAEX Grandseko CEOak, Merkatuetako Berrikuntzaren Saria jaso zuen Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikaren arloko sailburuordearen eskutik. Ruiz de Galarretak azaldu zuen iraultza digitalak izugarrizko ondorioak dituela “ardoarena bezalako mundu tradizional batean”, eta teknologia berriek eta Big Datak ardogintzaren sektorea garatzeko ematen dituzten abantailei eustearen alde egin zuen.

Bittor Orozek berak itxi zuen ekitaldia. Sailburuordearen arabera, Euskadiko elikagai-sektoreak arrakasta izan dezan, elkarrekin lan egiteko gai izan beharko dute elikakateko maila guztiek, hasi baratzetik eta mahairaino, industriatik pasatuz. “Maila bakoitza bikaina da bereizirik, baina elkarrekin garaiezinak dira”, adierazi zuen. Halaber, azpimarratu zuen gobernu autonomikoak babesa eman behar diola sektoreari, euskal ekonomiarako estrategikotzat jotzen delako, eta oraingo abagune hau aprobetxatzeko deia egin zuen. “Asmatzeko gai bagara, punta-puntan kokatuko gara munduan”, esan zuen sailburuordeak, amaitzeko.

Euskadiko Elikadura Klusterraren eta AZTIren arteko egitasmoa

Euskadiko Elikadura Klusterrak, elikagai-sektore lehiakorra, bereizia eta gizarteari aberastasuna ekarriko diona sortzeko misioarekin bat eginez, helburu estrategikotzat du Euskadiko sektore horretako enpresei laguntzea. Horretarako, merkatu-garapenaren, berrikuntza teknologikoaren eta berrikuntza ez-teknologikoaren arloko balio handiko proiektu partekatuak jarri nahi ditu martxan, lankidetza sustatuz eta dinamizatuz. Horrela, hainbat enpresa lantzen ari diren proiektuei balioa emanez, sektoreko gainerako enpresak ere motibatu egingo dira, besteak eredutzat hartuz.

Bestalde, AZTIk elikagai-industriarako irtenbide berritzaileak ematen ditu, kalitatea, segurtasuna eta elikagaien nortasuna lehenetsiko duten eta ingurumena zainduko duten produktu berriak edo hobetuak garatzeko, kontsumitzailea oinarri hartuta. Alde horretatik, AZTIk uste du behar-beharrezkoa dela sektoreko enpresen artean berrikuntzaren kultura sustatzea, sektoreak ahalik eta etekin handiena atera ahal izan diezaien bere inguruko baliabideei.